XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Argia ekartzera bazetorren ere, ez zion ilunpeari minik egiten.

Askotan pentsatu dut nola gera zitekeen dena hain lanbrotsu, amets bat ez bazen eta maiatza aurreratu xamarra bazegoen.

Baina egia hutsa da Ulian pasa genuen udazkeneko arratsalde hura arte ez zuela sekula eguzkirik egin.

Gainera, heroearena ere gero asmatu dut.

Hasieran ez zen hain osoa: jakintsua eta apasionatua bai, sentimenduetatik aparte ere apasionatua izan daitekeen pertsona.

Ni esistitzen nintzenez konturatu zen lehenengo aingeru garbia. Garbia txukuna baino gehiago.

Begirada sinple batez konturatu zen, hortan ez dago dudarik, ni ez nintzela gainontzekoak bezalakoa.

Gerora, nahiago nuen pentsatu diferente izan nintekeela konturatu zela.

Helburu horrek zuzenduko zuen nire asmoa hurrengo urtetan.

Ez ninduen itsutu, askoz ere trankilagoa zen aurkitu ginela zioen sentimendua.

Etorria zen momentua eta destino izartsu batetarako gai nintzela demostratu behar nuen.

Egia esan, ez nintzen beti hain ziur sentitzera ausartzen eta dudak sistematikoki asmatu eta dosis guztiz neurtutan azaltzen nituen.

Banekien erantzuna zein izango zen baina ailegatzen zenean, beti zen nik uste baino beroagoa, haserregoa neurriz apur bat nahastu banintzen.

Carmenek ere bazekien, agian lehenengo egunetik, bata bestearentzat ginela eta bere jokuaren pasioak sortu zuen hasieratik espirala.

Hori bai, ez nuen olatuen beldurrik eta laugarren edo bosgarren kartatik ezin esan daiteke zeinek areagotu zuen gehiago kontua.